Plasmonika eta nanofotonika (2016)

Proiektua: Antena optikoak argia nanoeskalan kontrolatzeko

Difrakzio-muga dela eta, ohiko sistemek ezin dute argia mugatu edo maneiatu uhin-luzera baino asko txikiagoak diren eskualdeetan. Hala ere, muga hau gainditzea posible da, esate baterako, metalezko nanoantena optikoak erabiliz. Egitura hauek irratien edo mugikorren antenen antzekoak dira, baina beraien helburua, micro-uhinak edo radio-uhinak kontrolatu ordez, argi ikusgaia edo infragorria maneiatzea da. Gainera, efektu berriak agertzen dira, argiak metalen elektroi askeen erresonantziak kitzika baititzake. Kitzikapen hauei plasmoi deritze eta aplikazioetarako oso interesgarriak dira. Beste aukera erakargarria, material dielektrikozko nanoantena optikoak erabiltzea da, beraien absortzio galerak oso txikiak direlako.

Praktika honen helburua nanonantena optikoen funtzionamendua hobeto ulertzea, eta beraien oinarrizko limitazioak identifikatzea da. Ikasleak modelo analitikoak eta zenbakizko simulazioak erabiliko ditu, esate baterako kitzikatzen ditugun erresonantzia elektromagnetikoen bolumen eraginkorra edo norabidetasuna ikertzeko. Adibidez, optika kuantikoko aplikazioetara begira, nanoantena dielektrikoek argiak zenbateraino konfina dezaketen aztertu daiteke.

Arduraduna: Ruben Esteban.

Deialdia: eskatzeko epea itxita.